1.080 euro baino gutxiago jasotzen duten pentsiodunentzat diru-laguntza lerro bat irekiko dugu: osasun gastuetarako, etxeko irisgarritasuna hobetzeko, aurrezpen energetikorako...

Gizarte-zerbitzuak eskaintzen diren azpiegituren aprobetxamendu azterketa egingo dugu, beharrezko egokitzapenetan eta pertsonalaren formakuntzan sakonduz.

Guztion behar materialak aseko dituen ongizate-estatu duin baten ezinbesteko zutabe dira gizarte-zerbitzuak. Politika sozial eraginkorrak behar dira gizarte kohesio sendo bat lortzeko. Udal zerbitzuen eraginkortasuna bermatu eta herriko eragile zein beste administrazio publikoekin elkarlana sustatuko ditugu bide horretan.

Mendekotasunen bat edota desgaitasunen bat duten pertsonei eman beharreko zerbitzuan hobekuntzak egingo ditugu, baita pertsonalaren formakuntzan sakondu ere. Zaintzari ere duen garrantzia itzultzeko pausoak ematen jarraituko dugu, hala guztion bizi duina bermatzeko zerbitzu moduan nola gizon eta emakumeon artean banatu beharreko eginkizun bezala.

Pobreziari aurre egiteko eta behar ekonomikoak dituzten pertsonei baldintza duinetan bizitzeko Udaletik emandako zerbitzuetan ez dugu murrizketarik egingo. Halaber, behar berrien arabera zerbitzuetan zabalpenak eta egokitzapenak egingo ditugu. Euskal pentsio sistema publikoa sortzeko lan egingo dugu baina horra iritsi bitartean pentsiodunei laguntzen jarraituko dugu, eta bereziki emakume alargun edo bakarrik bizi diren pentsiodunei arreta berezia jarriko diegu.

Gizarte-zerbitzuen mapa soziala garatzen eta hobetzen jarraituko dugu gainontzeko administrazio publikoekin, kasuan kasu eta sor litezken arrisku berriei behar bezalako erantzuna emateko erreflexuak edukiz. Neguetxearekin gertatu dena ekiditeko, zerbitzua bermatuko dugu eskumenen zalantzen gainetik.