Vista Alegre auzoan izan dira Itziar Murua Uria alkategaia eta bere hautagaitzako kideak EH Bilduren proposamenen berri eman eta auzotarrekin herriko eta auzoko arazoez mintzatzeko. Itziar Muruak ez ezik, Mikel Goenaga eta Begotxu Olaizola hautagaiek ere hartu dute hitza ekitaldian. Berrogei lagun inguru bildu dira auzo elkartearen aurrean egin duten topaketan, hizlariei entzunez aurrena eta sardina erreak janez elkarrizketan, ondoren.

Itziar Muruak gogorarazi du EH Bilduren udal programaren ideia nagusia dela zarauztar guztiek euren bizi proiektua Zarautzen bertan egin ahal izateko baldintzak sortzea. Programan aurreikusitako neurriak lau arlotan bildu dituztela azaldu du: enplegua, etxebizitza, ongizatea eta kultura.

Mugikortasunaren arloan dituzten asmoei buruz hitz egin du Mikel Goenagak, EH Bilduren zerrendako hirugarrenak. Irisgarritasunaren eta mugikortasunaren arloan eredu aldaketa behar dela adierazi du Goenagak, eta hobekuntza horiek planifikatze aldera  mugikortasun plana garatzea ezinbestekoa dela: “EH Bilduk hurrengo lau urteetan martxan jarriko du mugikortasun plana”, agindu du. Plan hori mugikortasun hierarkia jarraituz landu behar dela azaldu zuen: aurrena oinezkoak, gero bizikletak, ondoren garraio publikoa eta, azkenik, garraio pribatua.    

Begotxu Olaizola, EH Bilduko zerrendako bosgarrena eta Vista Alegreko bizilaguna, auzoaren “beharrez eta aukerez” mintzatu da. Auzoetako arazoei konponbidea emateko abiapuntua “auzoetara etortzea eta auzotarrekin hitz egitea” dela azaldu du: “Bizilagunekin harreman estua nahi dugu”. Espaloien egoera, igogailua egitearen aukera, auzoko konposta gunea eta torreoiko zein auzoko parkeko obrak izan dituzte hizpide, besteak beste, auzotarrekin izandako solasaldian.

EH Bilduren auzoz auzoko bigarren ekitaldia izan da Vista Alegrekoa. Iñurritzan egin zuten lehenengoa, joan den igandean, eta Azken Portun (osteguna, 19:00), Itxas Mendin (ostirala, 19:00) eta malekoian (larunbata, 13:00) egingo dituzte hurrengoak. Itziar Muruak azaldu du “auzotarrengandik hurbil” egon nahi dutelako antolatu dituztela ekitaldi hauek: “Ideia da gure programaren ardatzen laburpentxo bat egitea baina, batez ere, elkarrizketa bat sortzea eta jendearekin ideiak elkarbanatzea”.