Auzotarrekin solasaldi aberasgarria izan dute Azken Portu auzoan Itziar Murua Uria alkategaiak eta EH Bilduko zerrenda kideek. Kulturaren arloari eta auzoaren beharrei buruz aritu dira aurrena EH Bilduko hautagaiak eta, ondoren, baita ekitaldira etorritako auzotarrak ere.

Itziar Muruak ireki du ohi bezala ekitaldia, EH Bilduren udal hautagaitzaren asmo orokorrak aurkezteko. Gero, Ion Arozena zerrendako bigarrenak kulturaren arloan bultzatu asmo dituzten politikez jardun du. Kulturaren eta hizkuntzaren arloan herritarrekin bat eginda jardun nahi dutela azaldu du, eta Kultura Mahaia berriro martxan jarriko dutela, “sortzaile guztiak elkartzeko”. Gainera, Santa Klarako komentua kultura gune bihurtzeko lan egingo dutela eta Sanz Enea osorik liburutegi bihurtuko dutela agindu du.     

Ainhize Larramendi zerrenda kidea Azken Portu auzoari zuzenean eragiten dioten arazoez aritu da. Arozenak bezala Santa Klara “herriarentzako” nahi dutela beretsi du eta, besteak beste, azaldu du trenbidearekin etorkizunean zer egin erabakitzeko plangintza bat egin beharra dagoela eta auzo elkarteei udaletxean lekua egin behar zaiela.

Aurkezpenen ondoren elkarrizketa bizia sortu da auzotarrekin, hainbat gairen inguruan, hala nola emakumeen etxearen egitasmoa, gaztetxearen etorkizuna, anbulatorio  zaharraren egoera eta autopistaren zarataren arazoa.