Kultur Mahaia berreskuratuko dugu herriko kultur ekimenak sustatu, koordinatu eta kultura guneak nola antolatu erabakitzeko.

Santa Klara kultura ekitaldietarako eta sormenerako gune bihurtuko dugu.

Sanz Enea osoa liburutegi bilakatuko dugu.

Herriko sortzaileak babestuko ditugu, euren lanak ezagutarazteko aukerak emanez.

Euskara eta kultura dira herri honen nortasunaren orube garrantzitsuenak. Horregatik, bereziki landu eta zaindu beharreko arloak iruditzen zaizkigu.

Sortzaileen eta hartzaileen arteko elkarrizketa etengabea izan behar du kulturak, sormena bultzatu, sortzeko lekuak eskaini eta sortutakoa aurkezteko eta herritarrekin batera gozatzeko eta konpartitzeko espazioak antolatuz. Zirkuitu hori osatzeko ahalegina izan behar du Udalaren kultura politikak.

Hau guztia antolatzeko, Kultur Mahaia berriro abian jarriko dugu, arlo ezberdinetako eragileek eta sortzaileek dituzten beharrak aztertzeko eta Udaletik bideratzeko. Kultur ekitaldien agertoki izan daitezkeen herriko guneak egoki kudeatzea ere ezinbestekoa da. Hau guztia egoki kudeatuta, euskal kulturan eta bertako sortzaileen lanetan oinarritutako eskaintzarekin, herriari bizitza eta hauspoa ematen zaio, edonork gozatzeko ekitaldi ugarirekin. Horrek, noski, inguruko bisitariak ere erakartzen ditu, eta eragin zuzena du bertako kultura eta hizkuntza oinarrian duen turismo eskaintza garatzeko.

Kultura berriro ere Zarautzen marka nabarmenena izatea berreskuratu nahi dugu. Horretarako, sormena sustatzea, kultur eragileen lana aitortzea, dagokien protagonismoa ematea eta kulturarako eremuak berreskuratzea eta daudenak egoki kudeatzea izango dira EH Bilduren kultura alorraren oinarriak.