Zarauzko Udalean gehiengo zabalak osatzeko aukera guztiak zabalik daudela adierazi du EH Bilduk, zortzi zinegotzi aukeratu berriek egindako agerraldian. “Emaitzetan argi ikus daiteke gehiengo zabal bat abertzalea dela Zarautzen. Eta, bestetik, gehiengo ezkertiar bat ere badago. Ikusten dugu gehiengo zabalak osatzeko aukera guztiak zabalik daudela. EH Bildu beti egon da denekin hitz egiteko prest era orain ere halaxe gaude, elkarrizketarako eta adostasun zabalak lortzeko zabalik”, esan du Itziar Muruak, EH Bilduren alkategaiak.

EH Bilduk lortu dituen zortzi zinegotziek emaitzen balorazioa egin dute ostegun arratsaldean. Bertan nabarmendu dute inoizko emaitzarik onenak lortu dituela EH Bilduk Zarautzen, 2011ean alkatetza eskuratzeko izan zituzten bozak baino 300 gehiago, eta 2015ean baino 1.000 pasa gehiago. Ondorioz, zinegotzi bat gehiago izango du EH Bilduren udal taldeak, zinegotzi kopurua igo duen udal talde bakarra izanik. “Honek erakusten digu bide onetik goazela, herritarrek EH Bilduren lana babesten dutela eta pertsonak erdigunean jarriz, lanean jarraitu behar dugula”, esan du Muruak.

Itziar Muruak EH Bilduk osatutako zortzikotearen balioak nabarmendu nahi izan ditu: lau emakumez eta lau gizonezkoz osatuta egongo da taldea, “freskotasuna eta esperientzia, gaztetasuna eta heldutasuna, lanerako gogotsu, prestatuta, indartsu eta ilusioz dagoena”, esan du.

Agerraldian, Muruak eskerrak eman dizkie hauteskundeetan EH Bildurengan konfidantza jarri duten zarauztar guzti-guztiei eta baita kanpainan zehar, hauteskunde egunean nahiz aurretik lanean aritu direnei, ekitaldietara azaldu direnei eta programaren osaketan parte hartu duten talde, eragile eta norbanako guztiei ere.

Informazio gehiago, Urola Kostako Hitza-n eta Erlo Telebistan (bideoa).