Alokairua sustatzeko diru-laguntza lerroak martxan jarriko ditugu. Batetik, alokairura bideratutako etxebizitza aukera zabaltzeko. Bestetik, alokairua erosketa baino aukera erakargarriagoa izateko.

200 etxebizitza publiko datozen lau urteotan alokairu sozialean merkaturatuko ditugu.

Etxebizitza eta hirigintza elkarri lotuta ageri dira. Zarauztarren etxebizitza eskubidea bermatu dezagun, hirigintza politika zehatzak garatu behar ditugu. Hirigintza gizarte premiei erantzutera bideratu eta herritarren bizitza proiektuen zerbitzura ipiniko dugu. Espekulazio ekonomikora bideratutako lurzoruaren garapenari amaiera emango diogu.

Herriaren garapenerako eredu trinkoa hobesten dugu: mugikortasun jasangarria, oinezkoena eta txirrinduena bultzatuz, baliabideen erabilera arrazionalagoa, zarauztarren arteko erlazio eta integrazio handiagoa eta, ondorioz, zarauztarron bizitzaren soziabilitatea indartuz. Eremu naturalen okupazio txikiena aintzat hartu eta jarduerak egun eraldaturiko lurzorura mugatuko dira.

Zarauztarrok Zarautzen etxebizitza izateko politikek ere ildo horri jarraituko diote. Hori dela eta, gure lehentasuna izango dira eraikitako etxebizitza parkean eragitea eta alokairu sozialeko etxebizitza publikoko parke sendoa. Eraikita dagoen parkean eragiteko, etxe hutsak merkaturatzeko neurriak martxan jarriko ditugu, alokairua sustatzeko politika irmoak bideratuko ditugu eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzak areagotuko ditugu. Gazteok eta herritar orok etxebizitza eskuragarriak izan ditzagun, epe motzeko eta epe ertain-luzeko erabakiak hartuko ditugu.